XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bateginik: oztopo-lasterketa Pozez eta itxaropenez jakin izan genuen euskaltzaleok Bateginik kanpainaren berri.

Pozez, indarrak elkartzeko bidea eskaintzen duelako.

Itxaropenez, euskarak horrelakorik eta gehiagorik, tamalez, oraindik orain eta esanak esan, behar duelako.

Areago, mobilizazio honen frutu materiala Iparraldeko eta Nafarroako Hegoaldeko eremu zailetaraino helaraztea tartean dagoenean.

Haserako gogo eta frankotasunez, lanerako gure ahalmenak indarberritzen eta kanpaina honen inguruan sor zitezkeen iniziatiba, ekintza jaialdi, mobilizazio, talde ta pertsonen arteko hurbiltze, kontzientziatze... eta abarri buruzko ametsak, amets ederrak, egiten hasiak ginen.

Ametsak baino zerbait gehiago dastatzeko aukera ere izango genuela sinesten hasiak ginen alderdi politiko abertzaleek baten hutsegitea zen penagarria eta itzal bakarra kanpainari baietza eta laguntza ematen ziotela aurkezpen ofizialaren egunean egiaztatu ahal izan genuenean.

Geroztik etorri zaizkigu amets-etenak.

Lau alderdi politiko abertzaleetatik bik jarraitzen dute kanpainari laguntzen, STEE-EILAS irakasleen sindikatua distantziak markatzen....

Ezezko ala erreparu hauetan, batzuek EKBrengan aurkitzen dituzte alkantzu haundiko maniobrak eta asmorik zitalenak; beste batzuek, ordea, EHIKrengan somatzen huts eta akats nabarmenak....

Polemika ere kalean dugu dagoeneko eta lehenbiziko erronketatik erabat deszentratua; bide horretatik jarraitzekotan auskalo zernolako esperpentora iritsi litekeen.

Isiltasun esanguratsuak ere hor daude.

Euskaltzaindiak ez dio ezer; Euskerazaleak ere ez.

Euskal Herriko Unibertsitateek, publikoak nahiz pribatu biek, ez dute txitik ere esan.

Badirudi hauei ez doakiela ezer kokatuta dauden herriko hizkuntza hilzoriko burruka latzean arituarren.

Euskal Herriko Idazleen Elkarteak ere ez du ezer esan; bertsolariek ere ez; Euskararen eta euskal kulturaren babesleku historikotzat bere burua duen eliza katolikoak ere ez....

Denbora dago oraindik eta hauen eta gehiagoren eritzi eta laguntza izango delakoaren esperantzarik ez dezagun gal.

Gauzak okertuz doazenean, baina ez okertuz doazelako, hona hemen ni zalantzarik gabe, eta akatsak akats, Bateginik kanpainaren alde.

Eta egia esateko, ez dut horretarako nire adostasun politikoen bultzadarik behar izan.

Eta, noski, ez naiz hasiko aipatzen eta goraipatzen zer egiten dudan euskaraz bizi ahal izateko ahaleginetan.

Esan gabe doa egunero frogatua eta garrazki frogatua dudala euskaraz bizitzea materialki ezinezkoa zaidala eta zaigula.

Kontua, oraingoan, ez dugu hori.

Eta ez naiz hasiko begiko dudan alderdi politikoaren alabantzak kantatzen.

Eta ez objetibo ez izateko beldur naizelako, objetibotasuna denborak ematen duen distantziaz emaitzak baloratzeak segurtatzen baitu.

Ba dut bestelako arrazoirik hori ez egiteko.

Delako alderdi horretan, besteetan, bezalaxe, merituak adina huts, eta, agian, hauetatik haietatik baino gehiago, aurkitzen dudalako euskaltzaletasunari dagokionez.

Bestalde, ez zait elegantea iruditzen norberaren taldearen goraipamenak norberak aldarrikatzea.

Ez nuke narzisismoan erori nahi.

Euskararen egoera eta jarritako helburuak arrazoirik aski eta sobera iruditzen zaizkit kanpaina bultzatu eta laguntzeko.

Aurkitu ahalko nituzke, dudarik gabe, akatsak eta hutsak bultzatzaile diren partaide batak zein besteak kanpaina bateratua bideratzeko ahaleginetan amore eman beharrak erakarriak.

Ez dakidana, ordea, zera da, nola demontre azaldu ahalko nieken neure ezetza ala beste edonorena, Iparraldeko eta Nafarroako euskaltzaleei.

Eta gakoa, oso oker ez banago, horixe da, haiei nola lagundu.

Ba dira urte batzu Bai euskarari kanpaina burutu zela.

Oro har, kanpaina ederra; ez dut uste inork ukatu dezakeenik.

Euskaltzaindia izan zen kanpainaren bultzatzailea.

Izango ziren eta izango dira betiko leloa denez, Euskaltzaindiaren lanarekin bat ez zetozen talde eta pertsonak.

Oraintxe bertan ez nuke gogoratuko nortzuk eman zioten laguntza kanpaina hari; euskaltzaleen eta euskal taldeen gehiengo handi batek pentsatzen dut.

Dena den, kanpaina haren balantzea egiterakoan izan zuen arrakasta eta inguruan bildu zituen indarren adostasuna dira kontatzekoak.

Lekutik kanpo legoke Euskaltzaindiaren akatsak gogoratzea ala laguntzaileek beste helburuetarako, izan baldin bazituzten, eskuratu zituzten etekinak neurtzea, argi baitaukagu guztiok euskara bera izan zela irabazle.

Ondorenetik zikoizkeriatzat joko genukeena ez dezagun horrelako zerbait bihurtu aldez aurretik.

Ahaleginez, esfortzuz eta generositatez bideratutako aukera hau ez dezagun alferrik gal.

Instituzioen lana funtsezkoa, alderdi politikoen laguntza beharrezkoa, herri mugimenduaren iniziatiba eta erakarpenak ezinbestekoak dira.

Hika mikak dira, hemen, sobran dauden bakarrak.